Info
Onartu beharra daukagu estimu berezia diegula Bad Sound Systemeko lagunei. Musika anaitzat ditugu, zalantzarik gabe.
Taldea sortu aurretik ezagutu genuen Iñaki Steppi. Joan den mendeko 90. hamarkada erdialdea izango zen. Garai haietan, Ghetto Sound System izeneko fanzinea argitaratzen hasi ginen. Paperean fotokopiatua eta idatzitako edukien lagungarri, edukietan aipatzen ziren musika eta taldeekin osatutako kasetearekin banatzen genuen (mixtape antzeko bat zen). Egia esan, guk uste baina arrakasta gehiago izan zuela fanzineak eta herri askotara joaten ginen fanzinea eramatera. Nik uste, Hernaniz gain, Irun izan zela fanzinea gehien zabaldu zen herria. Irungo Depor taberna izan zen horren ardura nagusia izan zuena. Bertan aritzen zen Iñaki lanean eta bertan ezagutu genuen. Hasieratik harreman ona sortu zen gure artean, eta orduz geroztik, lotura estua sentitu degu berarekin. Musika anaitzat daukagu, ez soilik musikalki antzeko gustuak ditugulako, musika mundua ulertzeko eragatik ere...

Iñaki Steppi, Hernaniko Milagrosa kaperan bere magia eskeiniaz :-)
Ezagutu eta urte batzuetara eman zigun Bad Sound System egitasmoaren berri eta arro gaude, urte askotan, eurekin batera gauzak egin ahal izan ditugulako. Errespetu osoa diegu eta eredugarria iruditzen zaigu urte guzti hauetan egin duten lana. Musikaren militante dira eta gizarte hobeago baten aldeko borrokan, konpromezua, musika eta hitza dituzte arma nagusiak. Musikari bezala bikainak iruditzen zaizkit baina pertsona bezala are eta hobeagoak direla esango nuke. Iñaki adibidez, berak inoiz onartuko ez badu ere, Euskal Herrian dagoen disko jartzaile onenetakoa dela iruditzen zait (ezagutzen ditudanen artean behintzat). Langile fina, humila eta hitza betetzen duen horietakoa da. Musika munduan horrenbeste ikusten den harropuzkeri, handikeri eta diruzaletasunetin oso urrun dago, eta lagun bezala eduki nahiko zenukeen pertsona izatetik oso gertu. Gauza bera esan daiteke gainontzeko kideengatik ere; Masta, Brujo eta Moro/Kenitra.
Begirunea eta besarkada estua guztiontzat, eta mila esler guztiagatik.
Maite zaituztegu!
.jpg)
Bad Sound System, 2010 urtean Molotoff-eko txosnan zuzenean (Brujo falta).
Elkarrizketak
Aktibo egon ginen urteetan asko izan dira elkarrekin egin ditugunak. Batzuetan gu antolatzaile, eurek besteetan. Hainbat elkarrfizketa ere egin dizkiegu eta jarraian horietako bi irakur daitezke- Buiaka diskoa kaleratu ondorengoa lehenengoa 2004. urtean eta 2008an, kalean diskoaren aitzakipean, bigarrena. Hona hemen:

BAD SOUND SYSTEM-BUIAKA
Irungo Moskutik datoz Euskal Herriko musika egoera astintzeko asmoz Bad Sound Systemeko lagunak. Jamaikar reggae eta dancehall base erritmikoen gainean jaurtikitako zuzeneko abestiekin osatu dute “Buiaka” diskoa eta orain, Iñaki Stepi selektorea eta Brujo MC abeslariaren ahotik egiten dutena hobeto ezagutzeko aukera dugu.
E!: Urteak daramatza Bad Sound Systemek reggae eta rap doinuak lau haizeetara zabaltzen baina oraindik ezagutzen ez zaituztenentzat zer da Bad Sound System?
Iñaki: Bad Sound System hiru abeslarik; Brujo, Masta eta Kenitra, DJ Sucio scratchetan eta ni neu, Stepi, musika aukeraketan, osatzen dugu. 2003an Irunen Morodo ragga abeslariarekin egindako festa batean zerbait berezia egitea proposatu ziguten eta orduan Mala Mafiako eta beste rap taldeetako jendearekin elkartu eta rap estiloa gustiz baztertu gabe zerbait berria egitea pentsatu genuen, reggae, ragga estiloan. Azkenean oso festa polita atera zen, zazpi MC mikrofonoan, bi DJ, horri bizioa hartu genion eta orduz geroztik ez gara gelditu.
E!: Festa ugari egin dituzue azken urtean eta horietako batzuk Fermin Muguruza eta bere Kontrabandarekin.
I: Bai, Ferminekin kontzertu batzuk egin ditugu eta horietako azkena, Zambra aretoan eskeinitakoa grabatu eta orain diskan kaleratu dugu.
E!: Atentzioa deitu digu diskari jarri diozuen izenburua `Buiaka´. Jamaikarrek asko erabiltzen duten hitza eta oorain zuek hitzarekin jokoa eginez euskaraz ere zentzua eman diozue.
I: Horrela da bai. Ragga kantu batzuetan entzun daiteken hitza da eta guk euskaratu egin dugu, ez dakit oso akademikoa ote den baina gustatzen zitzaigun.
E!: Diska zuzenean grabatua dago eta zuzenekoa izateko nahiko soinu ona lortu duzue. Soinua da gainera sound systemetan garrantzi haundia duen elementua.
I: Soinu teknikaria den lagun bati esker lortu dugu zuzeneko soinu hori. Eneko aritzen da mahaian soinua zaintzen eta eskertzekoa da hori abeslari eta bi dj sonorizatzea ez delako batere errexa. Soinuak garrantzi haundia du sound systemetan eta horietako askok soinu ekipo propioak dituzte espreski beraien gustora eginak . Hemen ere aurrerapausoak ematen ari gara eta ea noizbait horrelako zerbait izatera iristen garen.
E!: Zuzenean erabiltzen dituzuen baseetako asko oso ezagunak diira reggae-dancehall munduan. Azken aldian, jamaikar asko omen dabiltza Irun aldean zure bila ezta?
I: (Irrifarrez) Begirada meatsagarriekin ikusi dituzte bai. Egia esan, musika jartzen dudanean erabiltzen ditudan riddim edo base erritmiko batzuk oso gustokoak ditugu eta riddim horietako batzuekin gure bertsioak egitea erabaki dugu. Jamaikan oso ohikoa da hori eta sound system gehienek egiten dute base erritmiko ezagun baten instrumentalaren gainean ahotsak sartzea.
Brujo: Aurera begira gure base propioak egin nahi ditugu. Rap taldearentzat ordenadoren baseak egiten ditugu jada baina egia esan, ragga baseak konposatzea zaila egiten zaigu oraingoz.
E!: Riddim horien gainean letrak abesten dituzue. Azalduko zeniguke nola konposatzen dituzuen letrak, zertaz hitzegiten duzuen eta non bilatzen duzuen inspirazioa?
B: Letrak abeslari bakoitzak gure kabuz idazten ditugu, estribillo batzuk egiten ditugu eta ondoren erabiliko dugun basearekin lotura ematen saiatzen gara nahiz eta azken hau, zaila egiten zaigu askotan. Edukiei dagokionez denetatik hitzegiten dugu, Babilonia erdian gaude eta gure inguruan gustatzen ez zaizkigun gauza asko ikusten ditugu. Gauza horiei buruz hitzegiten dugu.
E!: Diskoaren promozioa egiten ari zarete orain eta ondoren zer?
I: Aurrera begira diskaren promozioarekin batera zuzeneko asko egiteko asmoa dugu, hori delako gehien gustatzen zaiguna eta horretaz gain, reggae, hip-hop eta gustoko ditugun doinuak bultzatzen jarraituko dugu.
ARITZ SOUND SYSTEM
Iñaki Steppi, Molotoff-eko txosnan pintxatzen. Disko jartzaile izugarria, eta pertsona bezala bikaina :-)
-----------
BAD SOUND SYSTEM

KALEA BERRESKURATUZ
Jamaikako sound systemen filosofia jarraituz kalea da Bad Sound Systemeko lagunen berezko espazioa. Urteak dira kalean, baimenarekin edo gabe, festak antolatzen dituztela eta erreferente dira Euskal Herrian jamaikar erritmoen zabalkundean. Bigarren disko honekin aurrerapauso garrantzitsua eman dute eta bizi izan duten garapenaren berri jakin nahi izan dugu. Iñakirekin, Selektah Stepirekin izan gara guzti honetaz hitz egiten.
A: Lehenengo diskoa 2004. urtean kaleratu zenuten Buiaka izenarekin. Zuzenean grabaturiko lana izan zen, jamaikar musikaren riddim ezagunen gainean. Oraingoan aurrerapausoa eman duzue disko berriarekin. Zertan desberdintzen dira?
I: Lehenengo diskoa zuzenean grabatu genuen eta garai hartan egiten genuen gauzen adierazgarri izan zen. Gure estiloa eta jarrera erakusteko asmoa genuen. Bigarren lan hau lasaiagoa eta landuagoa da. Denbora asko eman dugu diskoa prestatzen eta aurrekoarekin alderatuz, oraingoan guk eta gure lagunek egindako musikak entzun daitezke.
A: Diskoa prestatzeak lan handia suposatuko dizue baina esperientzi bezala ere aberasgarria oso, ezta? Zer ikasi duzue disko honekin?
I: Oso esperientzia interesgarria izan da. Asko ikasi dugu. Ordenagailuak adibidez, jende guztia koordinatzeko garaian posta elektronikoa oso baliagarria izan zaigu eta musika egiteko garaian ere, noski. Bestetik, musika era desberdinean entzuten ikasi dugu. Orain arte, kantuak eginak entzuten genituen, besteek egindako kantuak ziren. Orain, kantu batek hasieratik duen prozesu osoa ezagutu dugu eta modu desberdinean entzuten ditugu.
A: Aurreko diskoarekin alderatuz beste aurrerapausoa auto ekoizpenarena da, ezta? Aurrekoa Metak-Kontrakalearekin kaleratu zenuten eta oraingo honetan, zuek arduratu zarete guztiaz. Nolakoa izan da prozesua?
I: Musikaren munduko alde ilunena ezagutzeko aukera eman digu, diru kontuak eta abar. Disko honekin guztia gure esku egotea nahi genuen. Metak diskoetxea desagertu zenean gure garaia zela ikusi genuen. Bide honetan Fermin Muguruzaren (Talka) eta Psylocibeko jendearen laguntza izan dugu. Diskoa kaleratzeko behar genuen informazioa guztia eskaini digute eta ziurrenik, hauen laguntzarik gabe ezinezkoa izango zitzaigun diskoa kaleratzea.
A: Laguntzaileak diskoaren ekoizpen lanetan eta laguntzaile eta kolaboratzaile ugari musika egiteko eta abesteko garaian, ezta? Nola egin duzue aukeraketa eta zer eskaintzen diote diskoari?
I: Lagunekin osatu dugu diskoa. Lehen diskoa kaleratu genuenetik bueltaka ibili gara eta ibilbide horretan ezagututako jendearekin, lagunekin osatu dugu diskoa. Erlazioa zuzena izan da. Urte hauetan ezagutu dugun jendearekin lan egin nahi genuen eta erlazio horien emaitza diskoan agertzea nahi genuen. Grabazio gehienak ordenagailuz egin ditugu eta horrek erraztasun handiak eman dizkigu. Lagun hauetako batzuekin lokalean geratu gara, asteburu bat batekin bestean bestearekin eta horrela. Batzuetan harremana internet bidez egin dugu eta horrek internet ezagutzeko aukera eman digu.
A: Lagun horietako asko Euskal Herrikoak dira baina badira kanpokoak ere. Azken hauek, kanpoan eskaini dituzuen festa eta sound systemetan ezagutuko zenituzten, ezta?
I: Bai. Spartakeko jendea adibidez bi mila urtean ezagutu genuen, Ferminekin egindako biran. Oso harreman estua egin genuen eta orduz geroztik elkarrekin lan egin nahi genuen. Euskal Herriko jendearekin ere aritu gara. Kodigo Norteko dj-ak adibidez, oso produkzio onak egiten ditu nahiz eta oso ezagunak ez izan. Lan hori ere argitaratu nahi izan dugu.
A: Diskoari Kalean izena jarri diozue eta oso izen aproposa iruditzen zaigu zuen izaeran kaleak garrantzi berezia duelako. Festak eta sound systemak kalean antolatzen dituzue eta askotan inongo baimenik eduki gabe.
I: Bai, baimenik gabe egindako festetan; hau da, aurrez antolatu gabeko festetan giro berezia sortzen da. Irunen adibidez udalak gauzak antolatzen dituenean ez du gurekin ezer jakin nahi eta beraz gu gara gure kabuz gauzak antolatzen ditugunak. San Martzial jaietan adibidez laugarren urtea da horrelako festak antolatzen ditugula eta oso giro ona sortzen da. Jendea asko inplikatzen da.
A: Zuek jamaikar doinuak lantzen dituzue nagusiki nahiz eta beste erritmo batzuk, raparen kasu, ere jorratzen dituzue. Nola ikusten duzue erritmo hauen osasuna eta garapena Euskal Herrian?
I: Bad Sound Systemeko partaideak adar desberdinetatik gatoz; Dj Suciok scratch-ak egiten ditu eta abeslariak adibidez rap mundutik datoz. Musika nik aukeratzen dut eta beraz, jamaikar doinuak dira nagusi. Reggae eta raparen artean harreman estua dago. Euskal Herrian beti izan dira estilo minoritarioak baina gora doaz, geroz eta sound system gehiago sortzen ari dira eta aurrera pauso handiak eman dira azken urteotan.
ARITZ SOUND SYSTEM



